Читать книгу Liburu ezkutuaren misterioa. Rara avis liber - Marisa Amigo - Страница 7

Оглавление

1 Lapurreta mediatekan

Xabierrek, Noamek eta Pablok Mariarekin, Gabrielerekin eta Kirstenekin meriendatzen zuten Xabierren etxean. Ikastetxean, ikasgelakideak eta oso adiskide onak ziren, beti misterioak ikertu eta abenturak bizitzeko prest. Aste Santua baino lehenago, San Bizente elizan ezkutatutako altxor bat aurkitu zuten. Orain dela urte asko ondo gorde zituzten Ama Nahigabetuaren bitxi batzuk ziren. Aurkikuntza guztiz garrantzitsua izan zen eta Ama Birjinak Nahigabetuaren Ostiraleko prozesioan, bere jaiegunean, erakutsi ahal izan zituen bitxiak. Poz-pozik zeuden beraiek egindako deskubrimenduaz eta arratsalde horretan abenturaz hizketan ari ziren.

–Planoa deszifratzeko, trebeak izan gara gero! Ez zen batere erraza –esan zuen Pablok harro-harro–. Ez ziren letrak ikusten eta igarri behar izan genituen letrek seinalatutako lekuak.

Aurrez aurre zisne bi zituen planoa aurkitu zuten eta, RARA AVIS lemaren azpian, zisneek letra misteriotsu batzuk zituzten. Zer esan nahiko zuketen? Ordenagailuan begiratu eta zerbait arraro zegoela ondorioztatu zuten; izan ere, zisne bat beltza zen eta zisneak, berriz, zuriak izaten dira. Letra haien atzean baziren leku batzuk eta guztietan altxorra aurkitu ahal izateko arrastoak agertuko zitzaizkien. Horrexegatik heldu ziren Ama Birjinaren bitxiak aurkitu arte, lapurrek aurkitu ez zitzaten, elizan babestuta zeudenak.

–Beste behin hasiko ditugu klaseak, oporraldia amaituko zaigu –kexatu zen Noam, aurpegi ilunarekin, ogitarteko baten mokadua gustura jaten zuen bitartean.

–Baina ikegtubehaggeko beste mistegio bat dugu eta hogi oso dibegtigaggia da.

Gabriele alemana zen eta euskaraz oso ondo egiten bazuen ere, erreak ez zituen modu egokian ahoskatzen eta beste soinu bihurtzen zituen. Kirsteni ere berdin gertatzen zitzaion. Biak Mariaren adiskide onak dira eta azken honi ere izugarri gustatu zitzaion ikertzen jarraitzeko asmoa.

–Gabrielek badu arrazoia. Aurkitu behar dugu zer den RARA AVIS LIBER eta, klaseak hasi arren, guk beste zerbait askoz interesgarriagoa izango dugu esku artean.

Aldez aurretik egin zuten bilakuntzaren ibilbideko ezkutatoki batean, RARA AVIS gehi beste hitz berri bat erakusten zituen plano bat aurkitu zuten; hitz hori LIBER zen. Berehala bururatu zitzaien LIBURUA izango zela. LIBER latinetik dator eta, euskaraz, liburua esan nahi du.

–Orduan, LIBER liburua bada, nire ustez biblioteka batean izan beharko da. Non egongo da, ba?

–Oso ideia ona, Pablo, guretzat ezagunagoa den bibliotekan bilatzen hasi gaitezke: gu joan ohi garen bibliotekan bertan.

Bokatak amaitu bezain laster, seietan Indautxuko mediatekara joan ziren, sarritan bisitatu ohi zuten tokira, Xabierren etxebizitzatik hurbil. Bertan liburuak irakurri ahal zituzten, baita etxera eramateko maileguan hartu ere.

Maria gogoetan gelditu zen, Xabierren proposamena buruan bueltaka zebilkiola.

–Zentro hau berria dela dut gogoan. Orduan, nola edukiko dute ezkutatuta liburua horrenbeste urtetan?

Mariaren galderak pixka bat nora joan jakin gabe utzi zituen. Arrazoia zuen. Arrastoak antzinakoak ziren, orain dela urte asko idatzi zituzten. Beraz, ezkutatutako hori liburu bat izatekotan, babespean denbora dezente eman behar zuen.

Jaun batek azaldu zien RARA AVIS izeneko sare horren atzean zeuden pertsonek garai zailak zirelako babesten zituztela gauza baliotsu batzuk.

–Bai, baina agian birmoldatu egin dute eraikina eta biblioteka ordurako bazen hemen. Ez dakigu hori –gehitu zuen Pablok.

–Maileguan hartu nahi ditugunean, liburuen oharrak hartzen dituzten neskei galdetzea izango da onena.

Guztiz konbentzituta sartu ziren Xabierrek esandakoa galdetzeko asmoarekin. Neskak, atsegin handiz, mediatekak kultura zentro berriaren barnean atal bat osatzen zuela azaldu zien eta lehenago toki hori ardandegia izan zela. Alondegia zen bere izena. Beraz, aspaldiko garaian ez zen biblioteka. Pixka bat desilusionatuta gelditu ziren. Maria zuzen zebilen, eraikina berria zen eta orain dela urte gutxi inauguratu zuten. Hala ere, antzinako eraikinaren zati bat, ardandegia, kontserbatu zuten, guztiz ederra zelako. Argi zegoen, beraz, bertan ezin izan zutela liburu ezkutatua gorde.

–Tira, goazen liburuak ikustera, hemen garela aprobetxatzeko, agian batzuk maileguan etxera eraman ahalko ditugu –proposatu zien Xabierrek.

Apalategien artean sartu eta erakargarrienak iruditu zitzaizkienak begiratzen hasi ziren. Beste bisitetan bezala, noizbait irakurri bazituzten liburuak aurkitu zituztenean, euren artean mintzatzen hasi ziren.

–Begira, hau oso dibertigarria da. Abentura ugari gertatzen dira –esan zion Xabierrek Pablori.

Horrela zebiltzala, Mariak ohartarazi zien, orduantxe, gizon batek liburu bat patrikan sartu zuela.

–Begira, liburua patrikan sartu du. Hori debekatuta dago. Goazen, ba, gurekin izandako neska arduradunari kontatzera.

Maileguen oharrak hartzen zituzten erakusmahairantz joan zirenean, gizona arineketan igogailura zihoala ikusi zuten, irteteko asmoarekin.

–Goazen, ihes egingo du eta! –esan zuen Noamek.

Irteerako espazio mugatutik, igogailuen aurretik, igaro zenean, alarmak jo zuen. Orduan gizonak abiadura arindu zuen eta eskaileretan behera arrapaladan joan zen.

–Goazen korrika, bestela, atarira heldu bezain laster, kalera irtengo da!

Seiak batera ziztu bizian gizonaren atzetik abiatu ziren. Liburuak begiratu zituzten mediatekaren alde hura lehen solairuan zegoen eta segituan behe solairura heldu ziren. Hau oso zutabe originalez betetako atari handia zen. Xabierrek aurreikusi zuen bezala, gizona kultura zentroko sarrerako ate baterantz lasterka zihoan.

–Noam eta zuek, neskak, joan segurtasuneko zaindariari abisua emateko. Laguntzera etor dadila, bestela ezin izango dugu harrapatu.

Taldea bitan zatitu zen, alde batetik, Xabierrek, Pablok eta Mariak gizonaren atzetik lasterka egin zuten eta, bestetik, Noamek, Kirstenek eta Gabrielek zaindariari oihuka deitu zioten, gizonari jazarri ziezaion. Behe solairuko beste muturrean zegoen arren, berehala konturatu zen deitzen zutela eta kasu egin zien.

–Gizon batek liburu bat eraman du –azaldu zion Noamek arnasestuka–. Bertatik atera da –Arrikibar plaza atzamarrez seinalatu ziola.

Zaindaria lasterka abiatu zen. Xabierrek, Pablok eta Mariak plaza zeharkatu zuten eta Urkixo zumardirantz joan ziren, abiadura azeleratzen zuen gizonaren atzetik, hirurek jarraitzen ziotela ikusi zuelako. Aurrera egiten zuen eta, noizean behin, atzerantz begiratzen zuen, badaezpada, ea neskato-mutikoak gehiegi hurbiltzen zitzaizkion. Horrelako une batean, atzerantz itzulita zegoela, polizia bat haren aurrean ipini zen eta geldiarazi zuen.

–Nora zoaz hain azkar?

Xabier, Pablo eta Maria mihia zintzilik heldu ziren. Pertsona batzuk jakinminez pilatu ziren haien inguruan. Gizonak ez zuen ezer ere esan. Honezkero, galdutzat eman zuen bataila.

–Eta zuek, zergatik egiten duzue korrika gizon honen atzetik?

–Ikusi dugu bibliotekatik liburu bat hartu eta patrikan sartu duela –azaldu zion Pablok poliziari.

–Egia al da hori?

Poliziak gizonari begiratu zion eta hark, lotsa pixka batez, liburua atera zuen patrikatik.


–Bai, egia da.

–Baina zergatik lapurtu duzu? Ez dakizu maileguan eman diezazuketela, zuk eskatzen baduzu?

–Ez, jauna, ez dakit. Bilatu eta aurkitu egin dut. Ume nintzela, herrian amak irakurtzen zidan. Izugarri gustatzen zitzaidan. Azkenean aurkitu dut.

Poliziak errukiz begiratu zion.

–Zuek badakizue ezin dela lapurtu. Badakizue, ezta?

–Noski, horrexegatik jarraitu diogu, aldi baterako maileguan eskatzea errazagoa dela esateko. Egun batzuetan utziko dizute eta etxera eraman ahalko duzu –azaldu zuen Xabierrek.

Poliziak liburua eskatu zion. Atera egin zuen eta denek aurreko azala ikusi zuten: Herri ipuinak, Antonio Trueba Jaunarenak.

–Hara! Guk badakigu jaun hori San Bizente elizan dagoela lurperatuta! Hilobian zisne bat dauka eta bertso batzuk: “Zisneak, hiltzerakoan, kantatzen duela diote” –esan zuen oso ozenki Xabierrek.

Poliziak harrituta begiratu zien. Zer arraroa, ume haiek XIX. mendeko idazle bat ezagutzea ere! Eta gainera bazekiten non zegoen lurperatuta! Gutxi balitz, haren bertso batzuk gogoratzen zituzten, berak ere ezagutzen ez zituenak. –Oso ikasle onak izan behar dira, esan zion bere buruari, horrexegatik zeuden mediatekan–. Pentsamendu horiekin guztiekin, poliziak deliberatu zuen liburua itzultzea eta gizona ez salatzea izango zela onena.

–Goazen atzera bibliotekara eta azalduko diogu nola egin beharko duen berriro ere ez lapurtzeko. Zuek ederto egiten duzuela ikusten dut. A!, eta eskerrak ematen dizkizuet, oso ondo portatu zaretelako. Liburuzainari kontatuko diot eta ziur guztiz poztuko dela.

Mediatekara itzuli ziren eta poliziak agindu zuen bezala jokatu zuten. Gizonak promes egin zuen, ordutik aurrera, liburuak maileguaneskatuko zituela eta inoiz ere ez zituela lapurtuta eramango.

Liburu ezkutuaren misterioa. Rara avis liber

Подняться наверх