Читать книгу Liburu ezkutuaren misterioa. Rara avis liber - Marisa Amigo - Страница 8
Оглавление2 Planoa deszifratuz
Xabierren etxera itzuli ziren, mediatekan gertatu zitzaienaz hizketan.
–Niri pena handia eman dit gizon horrek, zeren, amak liburu hori irakurtzen ziola esaten zuenean, negar egiteko zorian baitzegoen.
–Noski, nigiege bai, baina ezin da libugu bat lapuggtu –gehitu zuen oso ziur Gabrielek–. Guztionak diga eta hoggela guztiok gozatu ahal ditugu.
Ados zeuden. Txiki-txikitatik liburuak, hasieran, ikasgelako bibliotekatik eta, geroago, mediatekatik hartzeko ohitura zuten. Horrela, askoz liburu gehiago irakurri ahal zituzten.
–Goazen plano berria ondo aztertzera –proposatu zien Xabierrek–. Badugu eskarmentu handia lan horretan eta, ziur aski, oraingoan errazagoa izango da. Banoa bilatzera, gordeta daukat eta.
Ez zuen denbora askorik eman, eskuan karpeta bat zeukala itzuli arte. Planoa atera eta denek arreta handiz begiratu zuten.
–Letrak ez dira batere ondo ikusten, oso txikiak dira eta.
–Bestearekin ere berdin gertatu zitzaigun, Pablo; gogora ezazu argi baten aurrean ipini genuela, argitan jarri ondoren, ikusteko ea hobeto agertzen zen.
–Eta letrak kalkatu genituen, zure amak eman zigun paper mehe batean, Xabier –gehitu zuen Noamek.
Maria, Kirsten eta Xabier berehala konturatu ziren bide egokia izango zela. Lehenengo eta behin, letrak kopiatzen saiatuko ziren, eta handitu ondoren, deszifratuko zituzten.
–Goazen, ba, lanari ekingo diogu. Bila ezazu papera, Xabier –proposatu zuen Mariak.
Dena prest zegoenean, egongelako mahaira joan ziren eta planoa zegoen kristalaren azpian potentzia handiko argi bat kokatu zuten. Horrela askoz hobeto ikusten zuten.
–Kopiatuko dugu eta originala gorde ahal izango dugu. Horrela, badaezpada, ez zaigu galduko eta kopia erabiliko dugu.
–Hogixe, Magia, nik kopiatuko dut, oso ondo egiten dut eta.
Kirstenek lanari ekin zion eta berehala zisne bikoitzaren lerroak markatu zituen, aurrez aurreko figura biak marra batzuen bidez bananduta.
–Marra hauek, antza denez, ura irudikatzen dute. Jakina, non egongo da zisnea uretan ez bada? –galdetu zuen Noamek barrezka.
–Ba, Tgueba idazleagen hilobian, zisnea hilik agegtzen zen.
Barre egin zuten.
–Bai, Kirsten, eta zuri pena eman zizun. Badugu gogoan.
Kirstenek marrazkia bukatutzat eman zuen.
–Badago. Oso ondo gelditu da. Ogain letggak idatziko ditugu.
–Kopia itzazu, Kirsten, EBSSL.
–Noamek kopiatu ditzala, nik jadanik maggazkia egin dut eta.
Noamek Kirstenen lanari jarraitu zion eta Pablok esandako letrak apuntatu zituen.
–Hori ezagun egiten zait, ez zeuden lehengo mapan?
Xabierrek aurreko mapa atera eta egiaztatu zuen.
–Gehienbat, bai, oraingo honetan honako hau idatzita dagoelako: EBSSL, eta EBS Egoitza, Bihotz Sakratua zen, baina aurrekoan San Ignazioren aldarea zen. Beraz, letra guztiak bat datoz, azken letra izan ezik.
–Agian beste aldare bat izan liteke –esan zuen azkar Mariak–. Gogoratzen zara, Xabier, nola sartu ginen San Ignazioren hilobian? Orain badakigu ez zela santuaren hilobia, baina guk uste genuen bertan lurperatuta egon zitekeela.
–Segi, Noam, idatz itzazu beste letrak ere bai.
Hurrengo letrak honako hauek ziren: JSESI, SBEK, PI eta, beste zisnean, multzo bakarra zegoen: SMA.
–Badugu dena.
–Ederto, Noam, bai, baditugu letrak, baina ez dakigu zer nahi diguten adierazi –komentatu zuen Pablok–. Garrantzitsuena falta zaigu.
Marrazkia oso ondo gelditu zen eta letra guztiak argi eta garbi ikusi ahal izan zituzten. Lau multzo zisne batean zeuden eta multzo bakar bat, berriz, aurrez aurreko zisnean.
Xabier hausnarketan gelditu zen marrazkiari begira.
–Kontu handiz limoia ematea proposatzen dizuet, ea planoan besterik dagoen edo dena kopiatu dugun ziurtatzeko. Aurrekoan ere egin genuen, baina beste behin egin dezakegu.
–Ideia ona, Xabier, baina kontu handiz egin beharko dugu, zeren zerbait idatzita egongo balitz, agian zikinduko bailitzateke eta orduan ezin izango genuke inoiz irakurri.
Mapa hori San Nikolas elizan aurkitu zuten, Pilare Birjinaren aldarean. Bertan orri bi ziren, ondo ezkutatuta, eta batek bertso bat zuen: “Zisneak, hiltzerakoan, kantatzen duela diote” eta beste bat zurian. Egun batzuk geroago, bertsoa Antonio Truebarena zela deskubritu zuten eta haren hilobian grabatuta zegoela, San Bizente elizan. Orri zuria, azkenean, beste mapa izan zen eta, limoia eman ziotenean, zisne biren marrazkiak eta letra txikitxoak agertu zitzaizkien.
–Nire aitak kontatu dit, gegga gagaian, espioiek tinta ikusezina egabiltzen zutela, mezuak bidali ahal izateko.
–Zer zirraragarria, Gabriele! Adinez nagusi naizenean, niri espioia izatea gustatuko litzaidake, baina gerra barik!
Mariak esandakoari guztiek barre egin zioten eta, gainera, ados zeuden berarekin. Espioia izatea guztiz zirraragarria izan behar zen.
–Ba, badakigu ikastetxeko kode sekretu bat. Geuk erabili dezakegu –proposatu zien Pablok–. Gutxienez, arriskuan egongo bagina, ondo etorriko litzaiguke.
Xabierrek limoi xerra batzuk ekarri zituen eta kontu handiz hasi ziren lanean, kotoizko makilatxo batekin igurtziz. Lehendik emanda zegoen bazterretatik berriro ere ematen ziotenean, zikintzen zen eta tinta nahasten zen, eta modu horretan ia ez zegoen ezer irakurtzerik.
–Kontuz, Xabier! Hortik ez ibili, emaiozu zuriz dagoen bazter horretatik.
Pablok agindutakoari jarraituz, Xabierrek orriaren goiko aldean eman zion limoia. Beste letra batzuk agertu zitzaizkien.
–Kopia itzazu, Noam, ezabatu baino lehen.
J.D.rena
Guztiok buruak paperaren gainean batu eta zirrarazita begiratu zituzten letra agertu berriak.
–JDrena? Zer izango ote da hori?
–Ba, nire ustez, Pablo, altxorraren jabea izan liteke, argi eta garbi, “rena” esaten duelako, eta aurretik beste letra batzuk, jabearenak. Liburu hau Maria“rena” dela diogun bezalako adiera da, hau da, neurea dela.
Mariaren interpretazioa egokia iruditu zitzaien, baina artean deszifratu behar zituzten beste letrak.
–Zuk esandakoa izan liteke, hain zuzen, orriaren buruan, goiko aldean, idatzita dagoelako, mapa baino lehenago. Tira, saiatuko gara igartzen zer leku adierazten dituzten beste letra batzuek –proposatu zien Xabierrek.
–EBSSL Egoitza Bihotz Sakratua izan liteke beste behin ere, baina San Ignazioren aldarearen ordez beste aldare bat izan liteke: SL. Ez dakigu, baina goazen hurrengoa aztertzera: JSESI.
Pablo JSESI, JSESI… behin eta berriro esanez gelditu zen.
–Badirudi San Ignazio dela. Elizaren izena Jz hasten da.
–Zergatik ez dakarzu ordenagailua eta begiratuko dugu? –proposatu zuen Mariak.
Xabier arrebaren ordenagailua bilatzera atera zen. Berehala, Bilboko elizen zerrenda aurkitu zuten eta J zutenak aztertu zituzten. Aurretik ezaguna zuten San Jose bazen, baita Joan Santuak eliza ere.
–Jz ez dago besterik. Joan Santuen eliza hori non dago?
–Ea, bilatuko dut, Maria.
Xabier irakurtzen hasi zen:
–XVII. mendeko eliza barrokoa da eta jesuiten antzinako ikastetxea izan zen, San Andres ikastetxea. Joan Santuak deitzen da. Ba, izan daiteke, badakigu RARA AVIS sarearen gauza baliotsuak ezkutatu zituzten haiek jesuitekin bazituztela harremanak.
–Bai, eta badakigu San Ignazio izugarri gustatzen zitzaiela jesuitei.
Noamen hitzen aurrean, Maria altxatu zen.
–Ez izan astakilo, Noam, ez da izugarri gustatzen zitzaienik, baizik eta haien ordena sortu zuen santua zela.
–Oso ondo, ba. Jadanik ulertu dut, Maria. Zu haren hilobiaren barruraino sartu zinenez gero, badakizu hori.
Une batez, barrezka lehertu ziren. Pablo ondorioak ateratzen saiatu zen.
–Agian, Joan Santuak Eliza izan liteke, San Ignazioren aldarea. Momentuz baliogarria izan daiteke guretzat, ez duzue uste?
–Goazen hurrengo multzoa ikustera: SBEK –irakurri zuen Xabierrek.
–Hogi ege badakigu: San Bizente Eliza da.
Oraingo honetan Gabriele izan zen interpretatzailea.
–Baina K, zer izango ote da?
–Orain igartzea zaila da; elizara joan beharko dugu ikertzeko. Jarraitu dezagun. Bi falta zaizkigu: bata PI da eta bestea SMA, aurrez aurreko zisnean.
Isilik gelditu ziren. Ezer ere ez zekiten.
–Ez da inpogta. Badakigu dezente eta hasten gagenean, beste aggasto batzuk augkitzen joango gaga.
–Kirstenek arrazoia du. Gaurkoz, aski egin dugu. Datorren asteburuan jarraituko dugu. Espainierako andereñoa ikusi beharko dugu, aurkitutakoaren berri emateko –gogorarazi zien Xabierrek.
Elkar agurtu zuten, egindako lanarekin gogobeteta. Arratsalde horretan aurrerakada handia egin zuten ikerketa berrian.